top of page

ANTZINAROA

Egipto:

 

Egipto, batez ere, arkitektura-lan handiei esker da ezaguna, baina bertako biztanleek aisialdiko zati handi bat ere dantzatzen eta abesten igarotzen zuten, instrumenturen bat lagun zutela.

 

Musika beti egoten zen presente tenpluetako zeremonia erlijiosoetan, faraoiaren gortearen festetan eta baita ere herri xehearen ekitaldietan. Egiptoarrek musika ahoz aho transmititzen zuten, eta, hori dela eta, ez dakigu zehazki Egiptoko musika nolakoa zen. Honela, Egipto Zaharreko musikaren inguruan dugun informazio urria erliebeei, freskoei, papiro batzuei eta Inperio Berriko musika-instrumentuen ondareari zor diogu.

 

Bestalde, esan behar, abeslari koptoek Egipto Zaharreko ondare musikala gorde ere dutela, eta horrek egiptoarren kultura musikala hobeto ezagutzen laguntzen digu.

 

Erritual erlijiosoetan jainkoengana heltzeko instrumentu indartsuena ahotsa zela uste zuten egiptoarrek. Apaizek, emakumezkoek zein gizonezkoek, jainkoak antzezten zituztenean, ereserkiak eta kantuak abesten zituzten haien ohorez. Garai hartako margoek argitzen dute abeslariak oso garrantzitsuak izan zirela. Abeslariek eurek markatzen zieten sarrera eta erritmoa instrumentistei.

 

Kantariek instrumentuen laguntza izaten zuten gehienetan, eta Egipto Zaharrean harpa izan zen musika-tresna garrantzitsuena. Inperio Zaharrean, arku itxurako harpa handiak, sei edo zortzi harikoak, arrakasta handia izan zuen. Inperio Ertainean, berriz, harpa apainduraz bete zuten, eta, batzuetan, faraoiaren burua agertzen zen, heldulekuan zizelkatua. Inperio Berrian, azkenik, harpa zabaldu egin zuten, eta 18 hariko tresna gisa nagusitu zen. Lirak, harizko beste instrumentu batek, ere arrakasta handia lortu zuen piramideen herrian.

 

Azkenik, aipatu, Egipto Zaharrean, zeinu hieroglifiko berak adierazten zituela musika, alaitasuna eta ongizatea. Horren haritik, 2.600 urte duten hainbat papiro egiptoarretan, gaixotasunak sendatzeko baliagarriak diren abesti eta interpretazio musikalez hitz egiten da (musikaterapia)

 

Grezia:

 

Musika hitza musike (musa) hitz grekotik dator. Izan ere, musikak, gaur egun musikatzat duguna, Grezian du jatorria.

 

Antzinako kultura grekoa oso ongi kokatuta zegoen. Alde batetik, Egeo itsasoak bustitzen zuen, eta bestetik Mediterraneoak. Beraz, inguruko herritarrentzako pasabidea zenez, bisitarien aztarna kulturalak nabariak dira bertan. Hori dela eta, oso aurreratuta zeuden antzinako zibilizazioen (Mesopotamia, Egipto) eragina izan zuen Greziako musikak. Kultura handi horien musika erlijiosoak eta instrumentuek arrasto nabaria utzi zuten zibilizazio heleniarraren musikan.

 

Aro Klasikoko grekoek edertasuna lortu nahi zuten arte guztietan, eta musika dantzarekin, antzerkiarekin eta poesiarekin nahastu zuten. Apolo musikaren jainkoa zen eta Dionisio, haren anaia, dantzarena eta antzerkiarena. Hala ere, Grezian naturaz gaindikoa alde batera utzi eta giza arrazoiari garrantzi handiagoa eman ziotenean, musika filosofiarekin erlazionatu zuten. Garaiko filosofo handiek musikaren balio sendatzailea eta informatzailea azpimarratu zuten. Pitagorasek musika arimarentzat sendagai zela esaten zuen eta Aristotelesek emozioaren katarsira heltzeko erabiltzen zuen.

 

Instrumentu greko ohikoenak kithara eta aulosa ziren. Kithara Apolorekin erlazionatutako lira mota bat zen. Aulosa, berriz, oboearen antzekoa zen, eta Dionisio jainkoaren kultuarekin lotuta zegoen. Kithara entzuleengan lasaitasuna eta inspirazioa lortzeko erabiltzen zen; aulosa, berriz, asaldura lortzeko. Bi instrumentuok asko erabiltzen zituzten zeremonia erlijiosoetan eta antzerki-lanetan. Horrez gainera, danborra, ere garrantzitsua izan zen.

 

 

bottom of page