top of page

ERROMANTIZISMOA

​Mugimendu musikal hau XIX. mende osoan garatu zen, askok 1820tik 1850era baino ez zela izan uste badute ere. Gainontzeko arteetan mugimendu erromantikoak XIX. mendearen hasieratik erdialdera irauten du.

Musikaren historiako une garrantzitsuena da, izan ere, garai honetan musika arte guztietatik (literatura, pintura, eskultura...) erromantikoena bilakatu baitzen. Aldi horretan, elementu subjektiboek arrazoiak baino indar handiagoa hartu zuten. Artista erromantikoaren ideala barneko mundua zuzenean eta estaldurarik gabe azaltzea izan zen.

Klasizismoaren bukaeran, konpositore askok formula berrien beharra zuten eta subjektibismoz eta originaltasunez betetako espiritu erromantikoa poliki-poliki nagusitzen joan zen. Konposizio berriak sentimenduz beteta zeuden eta adierazkortasunari musikari berari baino garrantzi handiagoa ematen zioten. Artista erromantikoek iraganeko arau zorrotzak alde batera utzi, eta beraien barnetik edo fantasiatik hartu zituzten ideiak, euren arreta batez ere Erdi Aroan eta herrialde urrun eta exotikoetan jarriz. Horretarako, musika forma herrikoiak izan zituzten oinarri. Hori dela eta, garai horretako genero garrantzitsuenetakoa "lieda" (abesti, germanieraz) izenekoa dugu, herri-kantak landuz sortutakoa. Musika erromantikoak, bestalde, istorio bat zuzenean edo zeharka kontatu nahi zuen. Hori dela eta, operen sormenak gorakada handia izan zuten.

Garai horretan, bestalde, elizaren edo printzeren baten zerbitzura lan egiten zuen musikaria desagertu zen. Konpositorea artista askea izan zen (independentea), eta gizartearen aurrean sortzaile independente bezala aurkezten zuen bere burua. Historiako une honetan, gainera, burgesia indartsu bat garatzen ari zen eta hauek musika bere ohiko eliz mundutik, edo mundu aristokratatik, atera zuten. Musikari hauetako askoren biografietan, maitasun atsekabetuak, leku urrunetara eginiko bidaiak eta artearekiko nahiz literaturarekiko grina agertzen da.

Gainera, ordura arte musikaren mundua batik bat aberatsei zuzenduta egon bazen, garai honetan kontzertuak ugaritu egiten dira eta kontzertu-aretoetara hedatzen dira estatus guztietako jendearengana helduz. Horrez gain, pianoak garrantzi handia hartzen du, asko konposatzen baitzen instrumentu honentzat eta burges etxe gehienetan piano bat egoten baitzen. Musikagile erromantiko guztiak pianorako musika idatzi zuten, eta gehienak birtuoso handiak izan ziren (Liszt, Chopin...).


Garai honetako autore ospetsuenak, besteen artean, Frederic Chopin (1810-1849) poloniarra, Richard Wagner (1813-1883) alemaniarra eta Giuseppe Verdi (1813-1901) italiarra izan ziren. Beste batzuk: Schubert, Schumann, Strauss, Puccini, Rossini, Liszt, Brahms, Bizet, etab.

Erromantizismoan, emakume asko interpretatzaile bilakatu ziren. Clara Wieck, Robert Schumannen emaztea, XIX.mendeko pianista birtuosoetako bat izan zen.

bottom of page