top of page

BARROKOA

​Barrokoa XVI. mendearen bukaeran hasten da, eliza katolikoaren Kontraerreformak mugimendu erlijioso, politiko eta kultural berri bat eragiten duenean, eta XVIII. mendearen hasiera arte irauten du. Musikari dagokionez, berriz, bere hasiera garai berdinean kokatzen bada ere, bukaerarako data zehatz bat ematen da, 1750a, Johann Sebastian Bachen heriotzaren urtea.

Katolikoak eta protestanteak banatu ondoren sortutako krisi espiritualak eta hainbat faktorek eragindako egoera ekonomiko txarrak aro honetako gizarte-egoera okertu zuten, eta musikan ere aldaketa garrantzitsuak izan ziren.Kontraerreformako elizgizonak musika ideiak indartzeko eta kristauengan eragina emozionala izateko tresna garrantzitsua zela ohartu ziren. Honela, errealitate gogorrari aurre egiteko, konposizioei kutsu dramatiko, goratu eta emozionala eman zitzaien.

Garai horretan, bestalde, monarkia absolutistek musika herritar xeheen aurrean garrantzitsuago agertzeko erabili zuten.

Barrokoan musikari handiak sortu ziren. Garrantzitsuenak:

-Italian: Claudio Monteverdi (1567-1643), Tomaso Albinoni (1671-1750) eta Antonio Vivaldi (1678-1741).
-Alemanian: Johann Pachelbel (1653-1706), J. Sebastian Bach (1685-1750) eta Frederik Haendel (1685-1759).
-Ingalaterran: Henry Purcell (1659-1695) eta Frederik Haendel (1685-1759).
-Frantzian: Francoise Couperin (1626-1661) eta Marc-Antoine Charpentier (1634-1704).

Barrokoan, musika hezkuntzaren ikur bilakatu zen, eta, leku pribatuetan entzutetik, era publikoan antzoki handietan entzutera pasatu zen. Musikak interes handia piztu zuen, eta poetak zein idazleak garaiko astekarietan kritika espezializatuak egitera bultzatu zituen. Genero berri bat ere agertu zen, gainera: opera. Barrokoan, opera ahots-musika profano gorena izan zen. Genero musikal honen izar handiak kastratoak izan ziren.

bottom of page